XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Hasieran Pinotxok adore piska bat eman zion bere buruari.
Baina itsas munstro haren barnean zegoela egiaztatu zuenean, negarrez garrasika hasi zen: - Hel niri! Hel niri! Ai ene! Ez al da inor ni salbatuko nauenik? - Urrikalgarri hori, nor etorriko da zu salbatzera?- esan zion ahots kraskatu batek ilunpe hartan.
- Nor da hizketan ari dena?- galdetu zuen Pinotxok beldurrez odola izozten ari zitzaion bitartean.
- Neu naiz, Atun gizajo bat, zurekin batera irentsitako arrain bat! Eta zu zer arrain moeta zara? - Nik ez dut zerikusirik arrainekin. Panpina bat naiz.
- Arraina ez bazara, zergatik utzi diozu irensten? - Nik ez diot utzi irensten. Berak irentsi nau. Eta orain zer egin genezake hemen ilunpetan? - Etsi eta marrazoak biok liseritu arte itxoin... - Baina nik ez dut nahi inork ni liseritzerik - oihu egin zuen Pinotxok, berriro negarrari ekinez.
- Nik ere ez nuke nahi - errepikatu zuen Atunak -, baina Atun jaio naizela kontutan izanik, oliotan hiltzea baino uretan hiltzea egokiago dela iruditzen zait.
- Lelokeriak!- esan zuen Pinotxok.
- Hau nire iritzia da eta iritziak, Atun politikariek diotenez behintzat, errespetatu egin behar dira!- esan zuen Atunak.
- Nik aldegin egin nahi dut hemendik, ihes egin nahi dut!.
- Ihes egizu, ba, ahal baduzu!.
- Oso handia al da irentsi gaituen Marrazo hau?- galdetu zuen panpinak.
- Pentsa, bere gorputzak kilometro bat du luzeran isatsa kontutan hartu gabe.
Ilunpe hartan horrela ari ziren bitartean, urrunean argitasun antzeko zerbait ikusi zuen Pinotxok.